Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 104. saioan, urteko azkena, erabili ohi dugun streaming plataformak egin digun 2022ko laburpena erabili dugu, eta bertako kanturik entzunenak dakartzagu.

2022ko hogei kanturik entzunenen artean hautaketa eginda gatoz gaurkoan -zerrendako euskal kantuak alde batera utzita-, streaming plataformak egin digun laburpenak gu geu ere harritu egin gaitu-eta. Hasteko “Take Five” kantutzarra entzun diogu the Dave Brubeck Quartet taldeari, izugarri maite dugun kantua. Eta urteko azken saioa ixteko, seguruena entzuleak behin 2023an sartuta entzungo duena, Literatura Nobel saridun baten kantu klasiko bat ekarri dugu, askok George Harrisonen ahotsean ezagutu zuen “If Not for You” (Hi ez bahintz), Bob Dylan erraldoiarena. Dantzarako grina asetu gura izan dugu hiru kantutzarrekin: Desmond Dekker ska eta reggae kantariaren “Israelites”, atzerrian arrakasta erdietsi zuen lehenengoetarako jamaikar kantua, 60ko hamarkada bukaerakoa; Stevie Wonder itsuak 1972an “Talking Book” laneko single nagusi bezala plazaratu zuen “Superstition”; eta Diana Ross izarrak 80ko hamarkada hasieran argitaratu zuen “I´m Coming Out” kantua, LGTBI komunitateak ereserkitzat duena –Urpeko Bonbarda bat eskaini genion “Diana” diskotzarrari-. Rock eta pop doinuei dagokionean, klasikoak eta argitaratu berriak uztartu ditugu. Batetik Ian Dury handiaren eskaria, “Wake Up and Make Love With Me” entzun dugu; eta The Ventures surf rock taldearen “Pipeline” instrumentala, gitarran jotzen ikasi guran gabiltzana; eta bestetik Band of Horses, melodia ederrak sortzen sekulako gaitasuna erakutsi duen taldearen 2022ko “Things are Great” diskoa irekitzen duen kantua; baita The Sadies kanadarren kantu bat ere, aurten taldeko gidari diren anaietako bat, Dallas Good, zendu baita –Urpeko Bonbarda bat eskaini genien Mark Lanegan eta The Sadies taldeko gitarra joleari-. Bukatzeko, beste bi kantu, noizbehinka egiten ditugun bidaia sonikoetan ezagututako herri musiketatik jasoak. Batetik Omar Pene senegaldar musikariaren aurtengo “Climat” diskotik jasotako kantua, eta bestetik Guy Buttery hego afrikarrak bi maisu indiarrekin (taula jotzen duen Mohd. Amjad Khan eta sarangia jotzen duen Mudassir Khan) emandako “One Morning in Gurgaon” elkarlan iradokitzailetik jasotako kantua, “Abenduko olerkiak”. Urte Berri On!

[Urpeko Bonbarda #104] Urteko azkena
[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast

Urteko azkena [UrpekoBonbarda#104]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude