Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 101. saioan Michael Jackson zenaren “Thriller” izan dugu hizpide, diskoa argitaratu zeneko 40. urtemuga bete den honetan.

1982ko azaro bukaeran plazaratu zen “Thriller”, Michael Jacksonen seigarren lan luzea eta historiako diskorik salduenetakoa, salduena ez bada; eta berrargitaratu egin dute orain, jatorrizko diskoari makina bat bitxikeria gehituta; kantuen zirriborroak, nahasketa berriak eta beste. “Thriller” plazaratu zenerako izar handia zen Michael Jackson, eta saioa bere ahotsez egindako lehen grabaketarekin hasi dugu –The Jackson 5 taldearen 1969ko “I Want You Back”-, eta azkenarekin itxi -hil ostean plazaratu zen “Michael” diskoko “Best of Joy”, 2009an grabatua-. Hiru harribitxi dira aipagai dugun diskoak izan zuen arrakastaren erantzule nagusiak, “Thriller”, “Billie Jean” eta “Beat It”. Lehenaren jatorrizko zirriborroa Michael Jacksonen ahotsean entzun dugu, baina kantuak jatorrian izandako zirriborroan, “Starlight”, 40. urtemugako edizio bereziak duen berrikuntzetako bat. Beste biak beste artista batzuek egindako berrirakurketetan; Ondarroako Hazurbaltzak taldeak joa “Billie Jean”, 1991ko debut diskoan emana; eta Pomplamoose bikoteak kantatua “Beat It”. “P.Y.T. (Pretty Young Thing)” jatorrizko diskotik jaso dugu, diskoa irekitzen duen “Wanna Be Startin´ Somethin´” bezala. Azken kantu honek badu bitxikeria bat bere baitan, azpitik entzungai duen “ma-mako, ma-ma-sa, mako-mako ssa” esaldiarekin lotua. Jatorriz Manu Dibango kamerundar saxofoi jolearen “Soul Makossa” lanean entzun zen lehen aldiz esaldia, eta Barbadoetako Rihanna kantariaren “Don´t Stop the Music” kantuan azken aldiz. Bi horiek ere entzun ditugu Urpeko Bonbardan. Bederatzi kantuk osatua dago jatorrizko “Thriller” diskoa, eta horietatik sei entzun ditugu saioan, hiru Michael Jackson beraren ahotsean -ezagutu berri dugun zirriborroan bat-, eta beste hiru bertsioen bitartez. Azkena “Human Nature”, Vijay Iyer piano joleak jazz moldean joa. Saioa osatzeko, Berria egunkarian Mikel Lizarraldek idatzitako “Pop musika irauli zuen diskoa” izan dugu ardatz.

[Urpeko Bonbarda #101] Thriller
[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast

Thriller (40 urte) [UrpekoBonbarda#101]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude