Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 120. saioan, Euskal Herriko Zuzenean jaialdiaz mintzatu gara antolakuntzako kide den Ihintza Etchartekin, hastear baita festibalaren 27. edizioa, Irisarriko azkena.

Hastear da EHZ, eta Irisarriko festibalari buruzkoa da udako jaialditzarrei buruzko saio sortatik azkena. “Euskal giroko festa” gisa aurkeztu digu jaialdia Ihintza Etchart, EHZko kideak, eta bere adierazpenak tartekatu ditugu kantuekin batera. Musikari dagokionez, Habia soka hirukotea entzunez hasi gara, eta afro jazz doinuak jorratzen dituen Kolinga entzun dugu gero, Euskal Herria Zuzenean jaialdia irekia baita atzerriko talde eta erritmoetara ere. Krav Boca, Soulfly eta FM Belfastek joko dute aurten Irisarriko pentzean, besteak beste. Baita Ada Oda Bruselako bikoteak ere, kantaria italiarra duenez italieraz abesten duena. Gainontzean, euskal musika eszenari adi egoten da jaialdia, urtero nabarmendu diren taldeak oholtza nagusian programatuz. Gauzak horrela, aurten EHZ festibalean izango dira puri purian diren erritmoak dakartzaten JMartina eta Zetak, dantzatzeko ezin aproposagoak; baita rockandrol doinu klasikoagoak jotzen dituzten Aho Zakil Konekxion eta Kristonak ere, azken hauek Niko Etxarten laguntzarekin. Afrika Bibang bizkaitarrak soul ahaireak joko ditu Irisarrin, Sofa zarauztar hirukoteak “Krispetak” bikaina aurkeztuko du, Nize taldeak 90eko hamarkadako distortzioa goratuko du, eta Liher donostiarrak zuzeneko kaliputsuan lehertuko dira, beste behin. Guzti horren berri bakoitzaren kanta banarekin eman dugu saioan, eta Urpeko Bonbarda hasi bezala itxi, Ipar Euskal Herriko talde batekin. Honakoan, Donibane Lohizuneko Ztah hardcore taldeak Mikel Laboaren “Gure bazterrak” kantuari egin dion berrirakurketarekin. Ihintza Etchart, gainera, festibalaren giroaz aparte Laguntzaile figuraren garrantziaz eta Irisarrin azken urtea egiteko erabakiaz ere solastu zaigu.

[Urpeko Bonbarda #120] Irisarrin azkena
[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast

Irisarrin azkena (EHZ 2023) [UrpekoBonbarda#120]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude