Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Berrogeita batgarren saioan, formazio klasikoko jazz hirukoteak ekarri ditugu uhinetara.

Berrogeita batgarren saioan, eta apetak horrela eskatu digulako, jazz hirukoteetan jarri dugu arreta, magikoa begitantzen zaigun piano-kontrabaxu-bateria taldeetan. Saioa egun izar handia dugun Brad Mehldau Triorekin hasi dugu, aurten jazzaldian jo duen gizonaren hirukoteak Paul McCartneyren kantu bati egindako berrirakurketarekin. Eta itxi, jada latin jazzeko standard dugun “Poinciana”-rekin, Ahmad Jamal piano jotzailearen hirukoteak 1958an zuzenean grabatua. Europako jazz abangoardien ordezkari, bi talde eskandinaviar ere entzun ditugu. Esbjörn Svensson Trio suediarra aurrena; eta hirukote honetako taldeburu Svensson zendu ostean gainontzeko bi musikariek, Magnus Öström bateria joleak eta Dan Berglund kontrabaxu joleak, Bugge Wesseltoft norvegiarrarekin batera orain gutxi osatu duten Rymden gero, iazko Jazzaldia itxi zuena. Gainontzean, AEBetako beste bi hirukote oso ezagun ere aurkeztu ditugu, biak ala biak jazzaz gaindiko entzuleak bereganatzeko gai izan direnak: Medeski, Martin & Wood, zeintzuen soinua Hammond B3 organoak ezaugarritzen duen, eta gure artean, Gasteizko jazzaldian berbarako, sarri jo izan duen The Bad Plus, rock eta pop taldeen jazz berrirakurketak egiteko trebetasuna agertu izan duen hirukotea. Bukatzeko, tranpa txiki bat egin dugu Euskal Herriko taldeak aurkezterakoan, Elkano Brownin Cream zein Nevermind Trio hirukoteek, etxeko ordezkariek, gitarra jolea baitute hirukotean, kontrabaxu jolearen ordez Mikel Azpirozek gidatzen duen taldean, eta pianoaren ordez Hasier Oleagak gidatzen duenean. Aipatu hirukote gehienetan, piano jotzaileak darama taldearen ardura nagusia.

[Urpeko Bonbarda #041] Hirukotean
[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast     Ivoox

Hirukotean [UrpekoBonbarda#041]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude