Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Ehungarren saioan (bai, bai, 100!), Lander Garroren “Faith” (Elkar, 2021) liburutik dakartzagu kantuak, musika erreferentziaz josirik baitago nobela.

[Urpeko Bonbarda #100] Fedea

2021eko urtarrilaren 2an lehen saioa plazaratu genuenetik astero-astero uhineratu dugu Urpeko Bonbarda, hutsik gabe. Eta ehungarrenera iritsi garen honetan, ezohiko formatuan eman gura izan dugu saioa, liburu bati erreparatuta: Lander Garroren “Faith”. Musika oso presente dago nobelan, eta tarteka, musikariak aipatu ez ezik, musikari buruz ere hitz egiten da bertan. Gustuko genituen pasarte batzuk eta bertan aipagai ziren kantuak lotuz osatu dugu saioa. Morphine hirukotearen “Cure for Pan” entzunez abiatu dugu saioa, 1993ko lan homonimoari izena ematen dion kantua eta protagonista Bartzelonara heldu berritan, “Faith” nobelako lehen aipamen musikala; eta Eltohn John jaunaren “Goodbye Yellow Brick Road” entzun dugu gero, datorren urtean 50 urte beteko duen izen bereko diskokoa, Lars Von Trierren “Breaking the Waves” filmean ere entzun daitekeena. Forentseen gomendioei muzin eginda, Oskorri beharrean Mecano ere entzun dugu gero, kartzela atzean utzitako Xabi Ugarteri jada ez diola deus eragiten jakiteak lasaituta. Eñaut tronpeta jolearen purrustadak gorabehera, eta gurean kantuen hitzek garrantzia dutelako, Bob Dylan entzun dugu; baita Stray Cats ere, elkarri esateko askorik gabe konpontzen diren Marina eta Pauri keinu bat egiteko. Oihanaren etxean aterpetu izana gogoan, Anari entzun dugu, “arraro samarra den euskal kantautore berri hori”; eta Nagore gogoan, gorrotoa lilura bihurtzeko gai izan den Victor Jara. Euskal Herriko gatazkaz, borroka armatuaz eta torturez berba egiteko, Sara Montiel eta Ruper Ordorika itzaltsuek eman digute oinarri musikala. Bukaera aldera, gainera, Caetano Veloso eta Massive Attack ere entzun ditugu, nobelan amarekin eta zinema eskolan jazotako pasarteak gogoan. Baita The Beatles taldearen “Blackbird” ere, Paul McCartneyk ondua eta berak bakarka joa, gitarra lagun, 1968ko album zurian. Musika klasikoaz eta jazz doinuez ere hitz egiten da “Faith” nobelan. Gauzak horrela, “In a Sentimental Mood” entzun dugu, Duke Ellington piano joleak 1935an ondutako pieza, John Coltrane erraldoiaren saxofoia lagun zuela joa; “munduko melodia ederrena”, Lander Garrori irakurri diogunez. Gaurko saio berezi honek balio beza, entzule, nobela irakurtzeko akuilu gisa, edo irakurritakoaren gozagarri.

[Urpeko Bonbarda #100] Fedea
[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast

https://open.spotify.com/episode/0Uqcx6SFaLybhRUEHFT1Wz?si=a42d92661b4946c7

Fedea [UrpekoBonbarda#100]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude