Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Berrogeigarren saioan, Javi Area errenteriar perkusio jolea omendu nahi izan dugu.

Berrogeigarren saioan, Javi Area zenari gorazarre egin nahi izan diogu, joan den ekainaren 18an zendu baitzen, 53 urte zituela, minbiziak jota. Estudioko musikari, perkusio jole aparta zen Area, makina bat egitasmotan parte hartutakoa, orkestra handiekin zein kalean joz. Astigarragako Musika Eskolan irakasle ere bazen gizonak hutsune handia utzi du,  eta musikari bikaina izateaz gain oso jatorra baitzen Javi Area. Saioa MoMau talde berezia entzunez abiatu dugu, Les Mecaniciens desegin ostean bertako musikari batzuek sortutako taldea, funk erritmoan. Aspaldiko taldeak akorduan, Samar ere ekarri dugu gogora, Pascal Gaignek gidatu eta perkusioa ardatz zuen egitasmoa. Baita Furunda taldearen “Juanita” laneko kantu bat ere, 1998koa. Herri musikekin jarraituz baina nazioartera salto eginez, Faltriqueira taldearen “Palmira” entzun dugu, Javi Areak bertan egindako lana goraipatua izan baita sarri -ez zioten alferrik “gallego” deitzen-. Gainera, Javi Arearekin batera makina bat egitasmo eta bizipen izandako Aitor Furundarenak eta Maria Lopez galiziarrak hitz politak izan dituzte aspaldiko laguna zuten Javi Area gogoan hartuta. Perkusio joleak grabatutako diskoekin jarraituz, Mixel Ducau eta Caroline Phillips-ek sortutako Bidaia taldearen kantu bat entzun dugu, “Oihan” estreineko diskoan perkusio jole izan baitzuten Javi Area, baita Pier Paul Berzaitz zuberoarrak ere, “Baratze bat” lanean. Eta beste horrenbeste Amaia Zubiria kantariak, bere taldean ohiko bateria jolea zuen eta. Maria Lopez eta Aitor Furundarena musikariengana jotzeaz gain, Astigarragako Musika Eskolara ere jo dugu, irakasle gisa nolakoa zen ezagutze aldera, eta Odei Astibia eta Alfred Pastain lankide eta ikaslearekin hitz egin dugu, errenteriarren hurbilekoak biak ala biak. Azken txanpan, Luis Mari Moreno “Pirata” lagunminarekin batera Javi Areak izan dituen egitasmoetako batzuk entzunez bukatu dugu saioa, LosDelGás eta Blues Thorpes “ganberroak” batetik, eta Zozongoren Euskorleans bestetik, euskal kantuak New Orleanseko jazz moldera ekartzen dituena. Bukatzeko, eta ezer baino gehiago kalean jotzea maite zuen Javi Area musikari baikor eta eskuzabalari agur esateko, berau zendu eta gutxira Iñaki Salvador piano joleak idatzi zion testu zoragarria euskaratu dugu.

[Urpeko Bonbarda #040] Baketen maisua
[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast     Ivoox

Baketen maisua [UrpekoBonbarda#040]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude