Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hirurogeita zazpigarren saioan, Carles Viñasen “Skinheads” saiakera izan dugu ardatz.
Hirurogeita zazpigarren saioan, ska, rocksteady, oi! eta punk musikak izan ditugu entzungai, El Diario.es hedabideak Carles Viñasen “Skinheads” saiakerari eskaini dion erreportajea ardatz hartuta. Millie Small kantariak ireki du saioa, 1964ko “My Boy Lollipop” bikainarekin, eta Ian Dury & the Blockheads taldearen “Dance Little Rude Boy” kantuak itxi, Dury zendu ostean plazaratua, 2002an. Mende erdiko tartea dago bi kantuen artean. Jamaikar etorkinek Britainia Handian ezagutarazi zuten ska doinuekin jarraitu dugu, Desmond Dekker eta Laurel Aitken izarren kantu banarekin. Baita Symarip taldearen klasiko bat ere, “Skinhead Moonstomp”, estiloaren dantza pauso ezagunenaz mintzo dena. Ska hiperbitaminikoa jo eta 2-Toneko britainiar talde sorta ugari bat izan dugu gero entzungai, The Beat eta The Selecter zein oso ezagunak diren Madness eta The Specials. Baita Euskal Herriko makina bat plazatako erromerietan jotako Trabuko ere, Bad Manners taldearen kantarik ezagunena berrirakurri, “Lip Up Fatty”, eta “Ska-Reggae” bihurtu baitzuten. Bukatzeko, skinheads mugimendua politizatu zeneko garaia hartu dugu gogoan, punk eta oi! taldeak entzunda. Beraien kontzertuetako bortxaz nazkatuta taldea desegin zuten Sham 69 aurrena; arrazakeriaren kontrako SHARP mugimendu antifaxistako kide The Oppressed, eta RAC antikomunistetako Skrewdriver ultraeskuindarrak gero, Ian Stuart naziak gidatutakoa. Milurteko berriarekin batera, Euskal Herriko oi! mugimenduak izan zuen kalapita nagusienetako batez ere oroitu gara, eta Des-Kontrol taldeak 2008an plazaratu zuen “Hipokrisiaren eta faxismoaren aurka” kantua ere hemen.
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Google Podcast
Urpeko Bonbarda 067 Kaskamotzak