Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Berrogeita hemeretzigarren saioa, berria, zaharra & mailegatua formatuan dator, “Keia” laukoteko kantari Ane Arruti elkarrizketatuta.
Berrogeita hemeretzigarren saio honetan, disko berriak aurkeztu, aspaldikoak berreskuratu eta mailegatutako doinuak ezagutzeko baliatzen dugun formatua erabili dugu hamargarrenez, eta Ane Arruti kantari zarauztarrarekin egin dugu berba, Keia laukote eratu berriak “Erregaia” estreineko diskoa plazaratu duela-eta. Lan berriak aurkeztuz abiatu dugu saioa, musikagintzan hiru hamarkada daramatzatela eta aurten bilduma bana argitaratu duten bi talde handiren kantutxo bana entzunda, The Divine Comedy irlandarra bata, Piztiak ondarrutarra bestea. Berrikuntzekin bukatzeko, Big Thief taldearen “Dragon New Warm Mountain I Believe in You” bosgarren lan luzeko kantu eder bat ere entzun dugu. Atzera begirakoa Fela Kuti erraldoiari eskaini diogu, eta “Zombie” entzun, afrobeat-aren sortzailearen kanturik ezagunenetako bat. 1977ko otsailaren 18an, gaur 45 urte, Nigeriako ejerzitoak Kalakuta Republic erasotu zuen, Fela Kutiren komuna edo kooperatiba, eta oldarraldian musikariaren ama hil zuten. Erantzun gisa ondu zuen Kutik “Zombie”, militarrak iraintzeko. Saioa bukatzeko, Skabidean taldearen “Hiri zahar eta zikina” kantu instrumentala entzun dugu, plazaratu berri duten lan homonimoa irekitzen duena. Nafarrek The Pogues taldearen kantua moldatu dute, baina jatorrizkoa Ewan McColl komunista ingelesarak ondua da. Gerora The Dublinersek eman zuen ezagutzera, eta klasiko bihurtua, beste askok ere jo izan du, Rod Stewardek, berbarako.
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Google Podcast Ivoox
Keia [UrpekoBonbarda#059]