Gaurko “Itsaso zikin bat” atala Martin Larralderi buruzkoa da. Martin Larralde ezaguna egin da Euskal Herrian. Lehenik, gertatu zitzaionaren inguruko bertso jarriek bizirik iraun dutelako; jarraian, Piarres Lartzabalek berari buruzko antzezlan bat idatzi zuelako, “Bordaxuri”; segidan Pantxoa eta Peiok bertso horiek abestu dituztelako; eta baita ere Joseba Sarrionandiaren lumatik eta Ruper Ordorikaren eztarritik entzun dugulako bere izena. Azkeneko hau besterik entzun ez duten askok ez dakite Plumaieneko premuaren historia. Histori latza…
Gure herrian gertaturiko krimen ugarik abesten ditugun kantuetan gordeta biziraun dute, urte luzeetan zehar. Hasier Etxeberriak, horretaz jabetuta, artikulu serie bat hasi zuen eta Beñat Hach Embarek hartu zion lekukoa ondoren. Orain fikziozko podcast bihurtu ditugu, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin elkarlanean. Kapitulu bakoitzean krimen bat, gaizkile bat, ezagutuko duzu, eta berau gordetzen duen abestia. Pasa den astean estreinatu genuen seriea, “Berdabioko Atea” kapituluarekin.
Serieak zortzi kapitulu izango ditu. Emaitza hau lortzeko lan itzela egin behar izan du jende askok, eta bereziki azpimarratu nahi genituzke Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak (BIEUSE) eta IN Estudioetako Iñigo Etxarrik egindakoa. Gure eskerrik beroenak ere Pantxoa Carrere eta Peio Ospital musikariei, batetik hain abesti ederra sortzeagatik, eta bestetik erabiltzeko baimena emateagatik.
…
Ekoizpena: ZuZeu Podcast, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea
Zuzendaritza eta gidoia: Beñat Hach Embarek
Edizioa eta soinu diseinua: Iñigo Etxarri eta IN estudioa
Bikoizketa zuzendaria: Xabier Alkiza
Abestia: Pantxoa eta Peio
Ahotsak: Arrate Hernandez, Joseba Sacristan, Nagore Irizar, Mikel Garmendia, Ramon Zalakain, Iker Bengoetxea, Mikel Fernandez, Iñaki Beraetxe, Aner Narbaez, Beñat Hach Embarek, Arantxa Moñus, Klara Badiola, Kiko Jauregi
…
Etzan. Itzaldu argiak. Igo bolumena, sakatu play… eta gozatu.