Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hirurogeita zortzigarren saioan, aurki ospatuko den Liburu Eguna izan dugu saioa osatzeko aitzakia.
Hirurogeita zortzigarren saioan, apirilaren 23an Liburu Eguna ospatzen dela-eta, San Jordi egunez, horixe izan dugu gai nagusia, literatura eta musika uztarri berean joan baitira sarri. Saioa desamodio kantu gozo batekin hasi dugu, Nick Lowe jaunaren “I Read a Lot”, eta mesanotxean pilatzen ditugun liburuak gogoan, irakurri gabeko liburuengatik Lambchop taldearen “The Book I Haven´t Read” kantuarekin itxi. Tartean, Carson McCullers idazlearen ahotsa ere entzun dugu, Jarvis Cocker Pulp taldeko gidariaren bakarkako debut lanetik. Lauaxeta zenaren mendeurreneko “Ehungarrenean hamaika” diskotik, Xabi Strubell entzun dugu, eta “Linguae Vasconum primitiae” kantuan Jabier Muguruza eta Etxepareren arteko solasa. David Byrne musikaria liburutegien maitale dela-eta, Talking Head bere taldearen kantu bat entzun dugu, eta liburuekin zerikusirik ez duen arren, Calle 13 karibearren beste bat, Renek kantatzen dituen esaldi batzuk direla-eta. Gainontzean, Txuma Murugarren bakarlariak eta Deabruak Teilatuetan taldearen kantu bana, azken hauena Otamendiren poema bat musikatuta; eta Ruper Ordorika zein Anari bakarlariaren bertsio bana. Azken honek Bob Dylan, Literatura Nobel Sariari egina bata, “Iparraldeko neska“, eta Balerdi Balerdik Peio Lizarralderen hitzekin ondu zuen “Non duzu zauria” bestea, Ordorikaren azukre koxkorretako bat.
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Google Podcast
Irakurtzen dut [UrpekoBonbarda#068]