Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 115. saioan, hidden tracks edo ezkutuko kantuak aurkeztu gura izan ditugu.
Kantu sekretuak dakartzagu gaur Urpeko Bonbardara, ingelesez hidden track deiturikoak, sarritan taldeek diskoetan isilpean gordeak, apropos ezkutatutakoak edo akreditatu gabeak, aipagai izango ditugun arrazoi ezberdinak direla medio. “Her Majesty´s a pretty nice girl, but she doesn´t have a lot to say” idatzi zion Paul McCartneyk Erresuma Batuko erregina zuten Isabel II.ari 1969an. Urte horretan jaurti zuten “Abbey Road” lanean sartzekoa zuten minutu erdi eskaseko kantutxoa, baina diskoaren giro orokorrarekin bat egiten ez zuelakoan, atzera egin eta azken orduan kendu egin zuten kantu zerrendatik. Soinu teknikariak, ordea, kantutxoa diskoaren bukaerara gehitu zuen, segundo batzuetako isilunearen ostean, argi geldi zedin ez zuela obrarekin zerikusirik. Eta gainera, diskoetxeak ez zuen kantaren berri eman, ezta kontrazaleko tracklist-ean ere. Horrela jaio omen zen, Diego Cuevasek Jotdown aldizkarian kontatzen duenez, ezkutuko kantua kontzeptua. Hidden Track-ak zaleei egindako keinuak ziren, bilatzen zekienarentzako opariak, biniloen garaian sortu eta Compact Discekin bukatu zirenak, orain dena baita klik eta klik musika entzuteko ere, .mp3 eta Spotify. Kantuak ezkutatzeko arrazoi ezberdinak zeuden. Baziren diskoko giro orokorretik aldentzen zirenak, The Beatles taldearena bezalaxe, baita eskubide kontuak tarteko zituztenak ere. Edo musikariek egindako txantxa eta bitxikeriak, beste musikari batzuei egindako bertsioak tarteko. Eta gaiez aparte, jakina, teknikoki ere modu ezberdinak zeuden kantu bat gorde edo ezkutatzeko, aldrebes samarrak batzuk. Compact Disc estandarrek, pregap izeneko pista bat zuten hasieran, “zero” zenbaki bat, nolabait esateko, Play sakatuta entzuten ez zena, ez bazenuen atzerako botoia sakatzen. Talde askorentzat, hain zuzen ere, ezin aproposagoa zen pregap horixe kantuak ezkutatzeko, eta hala egin zuten ondoko hauek, batzuk baino ez aipatzearren: 2 Many Djs-ek Kilie Minoguen erremix bat, Musek Tom Waitsek irakurritako olerki bat, eta Public Enemyk, “Muse Sick-n-hour Mess Age”-n, diskoak izango zituen kritikak aurreikusi zituen pregap-ean.
Korapilatzen. Baina kantuak ezkutatzeko askoz modu korapilatsuagoak erabili izan dituenik ere bada. Interesgarria da, berbarako, Radiohead taldearen “In Rainbows” eta hamar urte aurretik plazaratutako “OK Computer” diskoak elkarren osagarri direla dioen teoria. Edo Tool taldearen “10.000 Days” albumak gordetzen duen enigma, diskoko bi kantu, hirugarren baten gainean erreproduzituz azaleratzen ei dena -Yotuben dituzue frogak-. Baina kantuak disko bukaeran ezkutatzea izan da ohikoena, aurretik isilune luze samar bat baliatuta. Horrela egin dute guzti hauek: The Rolling Stonesek gabonetako kantu tetriko samarra “Their Satanic Majesties Request”-en, Green Dayk kanpaia jotzeari gorazarrea “Dookie” diskoan, Marilyn Mansonek kantu extra bat “Antichrist Superstar” diskoko 99. pistan, eta Placebok Brian Molko kantariak jaso zituen mehatxuak gehitu zizkion “Evil Dildo” ezkutuko kantuari. Denetarik. Hidden track edo kantu ezkutu direlako hauek bitxikeria bat baino ez dira musika industriaren historian, baina beraien inguruan esan daitezkeen kontuak agortezinak dira. Arcade Fire kanadar taldeak, berbarako, hamar minutuko collage bat gehitu zuten “Reflektor” diskoaren pregrapera, zer eta diskoko kantuen txatalez osatua, hauek atzekoz aurrera jarrita. Eta The Flaming Lips psikodelia taldeak, bere aldetik, “Zaireeka” izeneko album esperimental bat plazaratu zuen 1997an, lau CDz osatua, jendeak Laurak batera martxan jar zitzan, edo hiru, edo bi, edo bakarka, kantuak ezkutuak guztiz agertarazteko. Kantuak ezkutatzeko modu ezberdinekin bukatzeko, Monty Python taldea aipatuko dugu. Umore gile britainiarrek, beraien izpirituari fidel, txantxa bat prestatu zuten 1973ko “Matching Tie & Handkerchief” bildumarako. Gorbata eta zapiak saldu zituzten, eta hauek erosten zituztenei kolektiboaren sketch bikainenetako batzuk jasotzen zituen biniloa oparitu. Eta gutxi balitz, barruan sorpresa gehiago zituen diskoak: Bi pista grabatu zituzten zirkulu kontzentrikoetan, orratzak bata edo bestea hausaz jo zezan, entzulearen harridurarako.
Eta euskaraz zer? Izan ote da euskal musikan ezkutatutako kanturik. Izango da bat baino gehiago ezagutzen ez ditugunen artean ere, akabo, baina bi adibide baino ez ditugu emango. Bata euskaraz, Nahitanahiez taldearen “Basurdearen orrua” diskoan ezkutatutako baladatxoa, Urpeko Bonbardaren 111. saioan entzun genuena, Amodioaz mintzatu ginenean. Erdaraz bestea: Iñigo Garces aka Cabezafuego musikari nafarrak irlandar kutsuko kantuak nagusiki ingelesez ontzeko eratu zuen taldea da Royal Canal, 2006an “Sail With Lord Alembic” disko ederra plazaratu zuena Noizpop zigilu bizkaitarrean. Bederatzi kantuko diskoak hamargarren bat zuen ezkutuan, Eskorbutoren “Maldito país” berrirakurtzen zuena.
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Google Podcast
Ezkutukoak (hidden tracks) [UrpekoBonbarda#115]