Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hogeita zazpigarren saio honetan, Pako Aristik “Euskal kantagintza berria” liburu berrargitaratua aurkeztuko digu.
Hogeita zazpigarren saio honetan, Pako Aristik “Euskal kantagintza berria (1961-1985)” aurkeztuko digu, liburua idatzi eta 35 urtera, Ereinek lana berrargitaratu duela-eta. Makina bat musikari elkarrizketatu zituen Aristik liburua idazteko, eta horietako batzuk entzungo ditugu saioan, Mixel Labegerie zenaren “Gazteri berria” berbarako -semea elkarrizketatu zuen kazetariak, aita hila baitzen ordurako-. Baita Euskal Herriko lehen rock&roll izarra ere, Niko Etxart. Txomin Artolarekin ere mintzatu zen Pako Aristi, eta Haizea taldearen doinu bat ekarri dugu saiora. Baita Ez dok Amairu egitasmoko partaide Mikel Laboa eta punk eztandaren ordezkaritzat jo ditzakegun Hertzainak ere, 1985era arteko tartea jasotzen baitu aipatu liburuak. “Euskal kantagintza berria” liburuaren berrargitalpena dela-eta Erein etxeak egindako aurkezpenean, Pako Aristik autokritika egin eta onartu zuen, gaur egungo begiradatik ikusita, emakumeak falta direla liburuan, eta bazirela bertan egoteko merezimenduak egindakoak. Gauzak horrela, Amaia Zubiria saritu berria eta Lourdes Iriondo zenaren “Ez gaude konforme” ere entzungo ditugu saioan. Alta, beste ezeren gainetik Pako Aristiren hitzak izango ditugu protagonista, edizio berrirako prentsaurrekoan esanak baidakartzagu.
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Google Podcast Ivoox
[Urpeko Bonbarda #027] Euskal Kantagintza berriaz (Pako Aristi)