Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 105. saioa, emakumeek ondutako iazko jazz lanik bikainenetako batzuekin osatu dugu.
Iragan berri den 2022a ere urte zirraragarria izan dugu jazz musikan, eta azken urteotan gertatu den bezala, generoa berritzeko orduan emakumeak duen presentzia eta garrantzia gorantza doa, geldiezin. Gaurko saioan abangoardiako jazza jorratzen duten hiru emakume entzungo ditugu, eta janzkera klasikoagoko beste hiru. Bi kolektibo, hiru taldeburu eta zazpi bakarlari. Hiru kantari, beste horrenbeste teklatu jole eta tronpeta edo saxofoi jole, harpa jole, gitarra jole eta bibrafono jole bana. Hasiberriak diren gaztea eskarmentu handiko nagusiak baino gehiago, eta munduko bazter guztietakoak gainera. Pianoak garrantzia handia du jazz musikan, eta Zela Margossian libaniarrarena entzun dugu. Beiruten jaiotako emakumea Sidney inguruko jazz eszenako kidea da. Piano jolea da Eri Yamamoto ere, Japoniako Osakan jaioa, eta 2019an Easo Abesbatzak lagunduta jo zuen tokira bueltatuko dena aurten, honakoan trioan, Donostiako Jazzaldira. Pianotik ahotsera, “Maitasunak marrubi zapora dauka” entzungo diogu jarraian Gregory Porter sonatuak lagunduko duen Somi kantariari. Jaiotzez estatubatuarra, kultur nortasun afrikarra du Somi Kakomak; azken diskoan, “Zenzile: The Reimagination of Miriam Makeba”, Mama Afrika esaten zioten izar hego afrikarra berrirakurtzen du. Kantariekin jarraituta, beste bi lan azpimarratu ditugu. Caravan aldizkari digitalaren ustez hamarkadako jazz kantarian dugun Cecile McLorin Salvant gaztearen “Ghost Song” lan freskoa, eta are gazteagoa den Samara Joy neskatilaren “Linger Awhile”, Sarah Vaughan gogorarazten duen kantariak molde klasikoan emana. Lan berritzailee dagokionean, bizi-bizi dagoen britainiar eszenatik datorren Kokoroko aipatu behar dugu, Sheila Maurice-Grey tronpeta joleak gidatzen duena; iaz eta 39 urte baino ez zituela zendutako Jaimie Breezy Branch tronpeta joleak Jason Nazary bateria jolearekin osatzen zuen Anteloper egitasmoa, sintetizagailuak eta elektronika protagonista izan eta arnasarik gabe utziko zaituena; eta Domi & JD Beck bikotea, frantziar teklatu jole eta estatubatuar bateria jole ezin gazteagoak osatutako egitasmo bitxia, Robert Glasper edo Herbie Hancock erraldoien arreta bereganatu duena. Beraien musika tresna lehen lerrora ekarri guran dabiltzan abangoardiako hiru artistek ere izan dute tartetxoa Urpeko Bonbarda honetan. iaz “More Touch” argitaratu duen Patricia Brennan bibrafono eta marinba jole mexikarrak; Britainia Handitik datorren Alina Bzhezhinska ukrainar harpa jolearen “Reflections”; eta azken urteotan emakumeak jazz musikan erdietsi duten arrakasta eta itzalaren erantzuleetako bat, Mary Halvorson gitarra jole estatubatuarra. 2022an ez da bere “Amaryllis/Belladonna” bikoitza bezain lan ederrik erraz aurkituko. Bukatzeko, Melissa Aldana txiletarraren saxofoi barnerakoia entzun dugu “12 Stars” lan ezin iradokitzaileagoan.
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Google Podcast
Emakumeak 2022ko jazzean (urteko onena) [UrpekoBonbarda#105]