Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Laurogeita hamaseigarren saioan, elkarren arteko ika-mikak artistikoki konpondu dituzten musikarien kantuak entzun ditugu.
Musikarien arteko liskarrak, ezinbestez, oholtzara ere heldu izan dira maiz. Eta inoiz, sorkuntzaren bidez ere egin izan diote errieta elkarri. Gaur Urpeko Bonbardan, artisten arteko ika-mikek eragindako abestiak entzungo ditugu. Hasi, Jaungoiko kontuekin hasi dugu saioa, “Who Says God is Dead” galdezka etorri zaigun Loretta Lynn eta ikatz mehatzariaren alabari erantzuna eman zion Pi L.T. hirukotearekin. Baina lasai egon, irakurle, badakigu mungiarrek ez zutela “Hil da jainkoa” country izarrari erantzuteko ondu. Sinesmen kontuak gorabehera, musika urbanoa entzun dugu ondoren, Calle 13 bikoteko kide izan den Residente jaunak, Bizarrapen laguntzarekin, J. Balvin kolonbiar erregetoi kantaria egurtzeko ondu duen kantuarekin hasita. Eta erregetoia aipatzen hasita, beste horrenbeste egin dugu Kai Nakai gasteiztarrak Chill Mafiaren arbuioari emandako erantzun zorrotzarekin. Euskal Herritik mugitu gabe, eta denboran atzera eginda, 80ko hamarkadara bueltatu gara, punk doinuak entzuteko, Eskorbuto eta La Polla Records ere etsaiak zirela esaten baita. Antza, santurtziarrek La Polla Records taldeari eskaini zioten “Cuidado” kantu ezaguna, eta aguraindarrek “El Avestruz” kantuarekin erantzun Eskorbuto taldeari. Auskalo! Kantuak kontu, rock musikaren historian kantu bitartez egon den mezu trukaketa ezagunena Neil Young eta Lynyrd Skynyrd taldearen artekoa izan da. Kanadar erraldoiak, “Southern Man” eta “Alabama” kantuetan arrazakeriaren zama zeramala leporatu zion AEBetako hegoaldeari, eta Floridako taldearen abeslariak, Ronnie Van Zantek, “Sweet Home Alabama” rock ereserkia idatzi zuen Neil Young zaharrari erantzunez. Aipatutako auzia gorabehera, elkarri miresmena zioten. Saioa bertsio batekin bukatu dugu, Van Halen taldearen “Jump” kantuarena. Kantuaren bizitasunak alaitasuna iradokitzen badu ere, ingelesez “salto egin” dioen kantuak suizidio saiakera bat du oinarrian. Gauzak horrela, Aztec Camera eskoziarrek minorrean eman zuten kantuaren berrirakurketa, erritmoa motelduta. Malenkoniatsu eta ilun bihurtua, aproposagoa buruaz beste egiteko.
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Google Podcast
[Urpeko Bonbarda #096] Elkarri mokoka