Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 123. saioan jazz doinuak dakartzagu, 60ko hamarkadan ondutako hard bopa eta beste.

Udazken giro bete betean, hotz eta euria bota ahalean zela, hautatutako jazza dakargu gaurkoan. Behin aukeraketa eginda konturatu gara, gainera, batez ere hard bop doinuei erreparatu diegula, baina badira bestelakoak ere. Cool jazzaren atzetik eta free jazzaren aurretik sorturiko mugimendua da hard bopa, hamarkada batez AEBetan garatua, 50eko hamarkada erdialdetik 60ko hamarkada erdialdera. Art Blakey, John Coltrane, Cannonball Adderley, Freddie Hubbard edo Clifford Brown izan zituen ordezkari, gaur entzungo ditugun beste batzuekin batera. Hard Bopa alde batera utzita, emakume ahotsekin abiatu eta finitu dugu saioa. Hasteko, Nina Simone entzun dugu 1958an debut lana izan zuen “Little Girl Blue” diskoko kantu bat abesten; eta bukatzeko, Carmen McRae entzun dugu Dave Brubeck laguntzen “Take Five” abestian, Paul Desmondek ondutako klasiko bikaina. Nina Simone, jarraian entzun ditugun hard bop musikarien belaunaldi berekoa da. Hank Mobley jaunak murgildu gaitu generoan, 1960an plazaratu zuen “Soul Station” diskoko kantu ezin gozagarriagoarekin. Wynton Kelly, Paul Chambers eta Art Blakeyrekin osatu zuen saxofoi joleak diskoa grabatzeko laukotea, tumatxa! Horace Silver piano joleak 1965ean plazaratu zuen bere lanik esanguratsuena, “Song for my Father”, aire tropikalek zipriztindutako hard boparen gailurretako bat. Eta urte bete lehenagokoa da Lee Morgan tronpeta jolearen “The Sidewinder”, aski dantzagarria den hamar minutuko pieza homonimoak irekitako lana. Hard bop laukotea osatzen, Herbie Hancock ere entzun dugu, 1962ko “Takin´ Off” debut diskoan gordetako “Watermelon Man” joz. Hauxe da, US3k arrakasta izugarriarekin berrirakurri zuen “Cantaloupe Island” kantuarekin batera, teklatu jolearen abestirik entzunena. Gauzak horrela, Hancock berak kantua eraberritu zuen 1973ko “Head Hunters” diskoan, eta Mongo Santamaria perkusio jole kubatarrak ere egin zuen bere bertsioa, arrakasta handia lortuz. Saxofoi eta tronpeta jole bana eta bi piano jotzaile aurkeztu ditugu, eta 60ko hamarkadaren lehen erdialdean Blue Note zigiluan plazaratu ziren lau maisulan: “Soul Station” (Hank Mobley, 1960), “Takin´ Off” (Herbie Hancock, 1962),  “The Sidewinder” (Lee Morgan, 1964), “Song for my Father” (Horace Silver, 1965). Aipatutako guztietaz aparte, hard bop doinuetatik urrundu gara Miles Davis entzuteko, modu batean edo bestean aurreko gehienekin harremanen bat izandakoa baita tronpeta jole erraldoia. Gizonak hil ostean plazaratu zuen estudioko azken lana, 1992ko “Doo-Bop” acid jazz diskoa, eta bertako “Chocolate Chips” dakargu, zer eta gogoak ematen digulako.

[Urpeko Bonbarda #123] Hard Bopa eta beste
[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast

Hard Bopa eta beste (Jazz apur bat) [UrpekoBonbarda#123]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude