Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 119. saioan, Euskal Herriko hiru jazz jaialdi nagusietan aurtengo udan joko duten taldeak aurkeztu ditugu.

Uztailak jazz (2023ko Jazzaldiak) [UrpekoBonbarda#119]

Uda heldu eta berotzen hasi orduko ugaritzen dira Jazzaldiak gurean, eta uztailarekin bat txandaka izaten ditugu Getxo, Gasteiz eta Donostiako hitzorduak. Gainera, dagoeneko ondo onartua dugu jazzaz beste ere izaten dugula ekimen hauetan, eta Urpeko Bonbarda honetan ere apurka apurka hurbildu gara jazz ahaireetara, rock eta reggae erritmoetatik hasita. Getxon joko dutenen artean, bi proposamen hautatu ditugu. Ceramic Dog bata, Marc Ribot gitarra jole itzaltsuak gidatzen duen noise rock egitasmo txundigarria. Eta Jazzmeia Horn bestea, “Dear Love” aurkeztuko duen estatubatuar gaztea, egungo jazz ahotsik adierazgarrienetakoa. Gasteizek hartuko dio lekukoa Getxori, eta arabar hiriburuko afixa bikainetik lau artista entzun ditugu saioan, bi gizon eta bi emakume; eskarmentu handiko bi gazte eta dagoeneko jazzaren izar dirdiratsu diren bi artista. Immanuel Wilkins estatubatuarra XXI. mendeko jazz saxofoi jole bikainenen artean dago jada, eta iazko “The 7th Hand” aurkeztera dator. Silvia Perez Cruz kataluniar kantari ipurterreak ere egitasmo berria dakar, azken urteotan makina bat elkarlan egin baititu, bata bestearen artean arras ezberdinak gainera. Bi hauek baino ibilbide luzeagoa dute Brad Mehldau eta Maria Schneider izarrek. Piano joleak bere hirukote finarekin joko du, Larry Grenadier kontrabaxu jolea eta Jeff Ballard bateria jolea lagun dituela; eta konposatzaileak “Data Lord” saritua aurkeztuko du, Osloko Jazz Ensemble orkestrarekin batera. Azken geltokia Donostiako jazzaldia izango da, eta gero heldu bezain oharkabean joango da jazz musika gure eszenatik, urte osoan kasik mutu bihurtzeraino. Ordainpekoa eta doakoa, eguerdikoa eta gaurdikoa, parrandakoa eta intelektuala, jaialdi asko hartzen ditu bere baitan jazzaldiak, baita musika generoei dagokionean ere. Jazzez bestekoetatik hasita, Bamba Wassoulou Groove, Bamba Dembelek Malin sortu zuen talde kaliputsua entzun dugu; eta afrikarrekin jarraituz, Bolikostako Tiken Jah Fakoly, azken honek reggae musika jotzen badu ere. Afrikarra da Abdullah Ibrahim ere, 90 urte betetzetik gertu dagoen piano jole hego afrikar ezin dotoreagoa. Aurten Donostia Jazzaldia Saria jasoko du, Yosuke Yamashita piano jole japoniarrarekin eta Enrico Rava tronpeta jole italiarrarekin batera. Triestearrak 83 urte ditu, eta fliskornoa joko du Trinitate plazan, boskotean. Ederra izango da. Bukatzeko, agian Donostiako Jazzaldiak inoiz izan duen zuzeneko garestienari erreparatu diogu, ez alferrik jaialdiak XXI. mendeko estatubatuar izarrik handienetako bat dela esanez aurkezten duen Norah Jones artistarena. Kasik ehun euro balio zuten, eta lehenak izan ziren agortzen. Hara, nolakoak garen!

[Urpeko Bonbarda #119] Uztailean jazz
[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast

Uztailak jazz (2023ko Jazzaldiak) [UrpekoBonbarda#119]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude