Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Laurogeita hamabostgarren saioan, galegoz kantatutako musika eszena ezagutu gura izan dugu.

[Urpeko Bonbarda #095] Galegoz

Laurogeita hamabostgarren saioan, eta 70.-nean kataluniarrarekin egin genuen legez, egungo galiziar musika eszena ezagutu gura izan dugu, bizitasun handia duela-eta. Entzun dugun apurrarengatik, gainera, esango genuke han ere, gurean bezala, gutxinaka gutxinaka pop eta rocka baztertzen ari direla, musika urbanoa deiturikoaren mesedetan. Galizian egindako musikari, “feita en Galiza”, eskainitako saioa folktronika jorratzen ei duen Alejandro Guillán pontevedraren Baiuca egitasmoa ezagutuz abiatu dugu. Eta bide beretik dabilen Rodrigo Cuevas artistarekin itxi. Oviedokoa da Cuevas, eta asturieraz kantatzen du, baina “La magia de tu melena” Ortiga galiziarrarekin elkarlanean eman du; A Coruñan egindako erresidentzia artistikoaren emaitza. Biak ala biak, Baiuca eta Rodrigo Cuevas, tradizioa berritzen dabiltza. Nola Cuevasek asturiarrez, portugesez kantatzen du Vigon sortutako Bifannah laukoteak, oso musika nahasketa interesgarria jorratuz, 60ko hamarkadako rocka, latin soula eta tropicalia lisergikoa. Mundo Prestigio bere aldetik, konpostelar laukotea, frantsesez mintzatuko zaigu “La Maison du Bonheur” aurkezteko. Galizieraz entzungo ditugun beste guztien artean, bada normalean gazteleraz egiten duenik ere, Novedades Carminha, berbarako. Joan den martxoan iragarri zuen hamabost urte inguruko jarduna bertan behera uzten zutela. Konpostelar post punk taldeak bezala, rock musika jorratzen du A Coruñako Familia Caamagno taldeak ere, pop melodia dantzagarriak joz; eta B serieko rocka egiten du Konpostelan sortutako Ataque Escampe taldeak, soul, funk eta krautrock kutsukoa. Oh! Ayatollah ere konpostelarrak dira, kutsu nihilistako pop kaliputsura lerratutakoak.Gainontzean, musika urbano deiturikoetan koka genitzake aipatzeke ditugun lau taldeak -ohikoa da egitasmo ezberdinetan musikari berberak aurkitzea-, Galizan oso bogan ei den musika tropikalerako joerarekin. Galizierazko trapa jotzen lehenengoetakoa izan bide zen Boyanka Kostova, “flow costumista -edo- twerking rural”-aren aitzindariak; baita Rias Baixaseko bi musikarik osatutako Verto bikote banatu berria ere, askok “Oie Gayego” kantuarekin ezagutu genituenak. Esteban & Manuel bikoteak espiritu berbenazalea mantentzen ei du, izugarri maite duten musika latinoaren bitartez bizirik mantendu nahi izan dutena, beraiek psikokunbia edo, autotunearen erabileragatik, kunbiatune deitzen duten egitasmo dantzagarria sortuz. Bikoteko kideetako batek, Manuel Gonzalezek, Chichok, bakarka ere arrakasta dezente erdietsi du azkenaldian, Ortiga egitasmoarekin. Arestian esan bezala, karibear kutsuko musika urbanoa jorratzen du konpostelarrak, eta Grande Amoreren laguntza izan du “Acostumbrao” ontzeko. Oh! Ayatollah taldeko kide Nuno Picok bakarka darabilen izena da Grande Amore.

[Urpeko Bonbarda #095] Galegoz
[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast

Galegoz [UrpekoBonbarda#095]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude