Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hirurogeita hamabigarren saioan, munduko doinu eta erritmo ezberdinak izan ditugu entzungai, Songlines aldizkariaren sariak aitzakia hartuta.
Hirurogeita hamabigarren saioan, munduari bira soniko berri bat eman diogu, Songlines aldizkari britainiarrak eman dituen sariak profitatuta. Zazpi ataletan eman ditu sariak, eta atal bakoitzak lau hautagai izan ditu. Zerrenda horretatik egindako hautaketarekin osatu dugu Urpeko Bonbarda. Artistarik Onenari saria Samba Taoré maliarrak eskuratu du, eta Talderik Onenari Tirana-Tirona Allstars-ek irabazi du. Lehenak Ali Farka Toure maisuarekin ikasi zuen blues gitarra jotzen, eta iazko “Binga” diskoko kantu bat entzun diogu. Saririk lortu ez arren, Emre Gültekin turkiar zazpi sokako saz jole birtuosoa ere entzun dugu, baita talderik onenen sarirako izendatua egon den Las Lloronas ere, hiru emakume musikarik Bruselan osatutako taldea. Fusio musikei dagokienez, Justin Adams eta Mauro Durante, gitarra eta arrabita jolearen arteko elkarlana izan da saritua; “Still Moving” dute emaitza. Europako musiketan Fanfarre Ciocarlia izan da saritua, eta kantu bat entzun dugu errumaniarren “It Wasn´t Hard to Love You” azken lanetik. Asia eta Pazifikoko musiketan, aldiz, Ustad Saami harrigarriaren musika saritu dute, eta “Prayer for Peace” kantua entzun dugu Karatxiko kantariaren “East Pakistan Sky” azken diskotik. Afrika eta Ekialde Hurbileko musiketan izendatua egon den Balimaya Project Londonen eratu zen, bertako afro-jazz musikaririk bikainenekin, eta Europako musiketan izendapena jaso duen Spell Song egitasmoak Robert Macfarlane idazlearen eta Jackie Morris ilustratzailearen “The Lost Words” eta “The Lost Spells” liburuen eraldatze musikala dugu. Omar Sosa eta Seckou Keita, Kubako piano joleak eta Casamanceko kora joleak, fusio musiken atalean zuten izendapena; 85 urte beteak dituen Peggy Seeger kantariak -bai, Pete sonatuaren arrebak-, Amerikako musikenetan; eta bukatzeko, zitarrak jotzen dituen Dal:um bikote korearrak, Asiako musiken atalean. Azken hauen musika, Ustad Saamirena bezala, ez dira entzuten errazak mendebaldeko belarrientzako.
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Google Podcast
Munduari bira [UrpekoBonbarda#072]