Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hirurogeita bederatzigarren saioan Gernikakoaren 85. urtemuga izan berri dugula-eta, bonbardaketak izan ditugu mintzagai..

Hirurogeita bederatzigarren saioan, historian zehar jazo diren bonbardaketa latzgarri batzuei erreparatu diegu, izan Euskal Herriak pairatutakoak, Gernikak eta Durangok, berbarako; izan Bartzelonak, Kuwaitek, Sarajevok, Alepok, Donbassek edo Hiroshimak.Bi lan berezirekin eman diogu hasiera eta bukaera saiora, ikus-entzunezko “Markak” eta “Mirant al Cel” lanei musika jartzeaz arduratu diren Aitor Etxeberria eta Fermin Muguruza artistekin, hurrenez hurren. Aitor Etxeberria gernikar konposatzaileak bezala, eta Joseba Sarrionandiaren hitzez lagunduta, jaioterriari kantatu dio Ken Zazpi taldeak, guk katalanez dakargun “A Gernika” kantuan; eta Picassoren artelan sonatuari Manic Street Preachers galesek, “My Guernica” kantuan, baita egun mundu mailako izar dugun Rosalía kantariak ere, Refree gitarran lagun zuela, orain bost urteko “Suena Guernica” ekimenean -Errepublikari kantatu zion, “Día 14 de abril” kantuan-. Euskal Herritik kanpora jo aurretik, Durango ere izan dugu gogoan, bertako bonbardaketaren datak izena eman zion Martxoak 31 taldea entzunda. Gainontzean, Kuwaiteko bonbardaketak gogoratu ditugu The Clash taldearen “Rock the Casbah” kantu ezagunarekin –We Are Standard bizkaitarren bertsioa entzun dugu, zuzenekoa-, horixe erabili baitzuen AEBetako armadak erasoa hasteko dei gisa. Sarajevokoak bertako seme kuttun izendatua duten Bruce Dickinson kantariarekin, Iron Maiden taldera itzuli baino lehen eta bakarlari zebilela, Bosnian jo baitzuen hiriburua setiaturik zegoenean. Alepoko bonbardaketak Benjamin Clementine kantariarekin, umetan bullying-a pairatutakoa delako; zenbait ikerketaren arabera, txikitan jazarpena sufritu zein gerratik ihesi doazen haurrek luzera begira antzeko eragina izaten ei dutela-eta. Eta Donbassekoak, 2014an hasi zen gatazkari kantatu dion Repercusión madrildar talde antifaxistarekin. Bigarren Mundu Gerra bukaeran jazotako lehen bonbardaketa atomikoa ere presente izateko asmoz, Bartzelonako Sidonie hirukotearen “Hiroshima mi amor” entzun dugu, 1959an Alain Resaniac-ek zuzendu eta memoriaz eta ahazturaz mintzo den filmaren izenburua daraman kantua.

[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast

Bonbardaketak [UrpekoBonbarda#069]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude