Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 66. saioan, Txerrenari eskaini diogu saioa.
Hirurogeita seigarren saioan, deabruaren zenbakiaren bi herenera heldu garela-eta, demonioa izan dugu hizpide. Gaizkiaren jaun nagusiak harreman estua bide du musikarekin, moralaren zaindariek herrialde askotan lotu baitute deabrua orain blues eta gero tritiki doinuekin, dantza eta gorputzaren gozamenarekin. Saioa arima txerrenari saldu zion Robert Johnson bluesmanarekin abiatu dugu, eta sataniko izengoitia aurki eskuratu zuten The Rolling Stones taldearen “Symphaty for the Devil” ere entzun dugu, jakina. “Chase the Devil”, reggae musikaren klasikoa entzun dugu Max Romeo maisuaren ahotsean, eta gaurko saiorako abiapuntua eman zigun “The Number of the Beast”, Iron Maiden taldearena. Kolonbian ospatzen den deabruaren inauteria ezagutu dugu Joxe Ripiau hirukotearekin, eta teilatuetan zelatan ibili gara M-ak taldearekin. Euskal taldeekin jarraituta, infernuko hauspoa jotzen duen Huntza taldearen “Deabruak gara” ere entzun dugu. Rock musika deabruarekin sarri lotu izan den arren, txerrenak debekatutakoaren erakarpena baino ez du irudikatzen rock musikan, asperduraz haragoko bizitza zirraragarriago baten nahia, modu erromantiko batean. Saioa bukatzeko, Band of Skulls hirukotearen “Deabruak bereak zaintzen ditu” ere entzun dugu, Beck kaliforniarraren “Odelay” maisulaneko kantu bat eta Andre Williams piztitzarra, El Diablo aipatzen. Baita Tremenda Jauria eta lagunen “Akelarre” ere, oholtza gainean emakumeentzako tokia aldarrikatzen duena, eta Rosalia itzaltsuaren “Motomami” goraipatutik jaso dugun “DIABLO”. Saioari bukaera Jacques Brel belgiarrarekin eman diogu, zeinak “Le Diable ça va” kantuan dioen: “… gizonak eroen pare dibertitzen dira, gudaren jolas arriskutsuan”.
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Google Podcast
Deabruak arrabita jotzen du [UrpekoBonbarda#066]