Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 34. saio honetan, 2019ko herri musikak baliatu eta, oporren faltan, munduari bira eman diogu.
Hogeita hamalaugarren saioan, munduari bira eman diogu bidaia soniko berri batean, herri musiketan 2019an plazaratu ziren lan bikaienetako batzuk entzunez. Oporrik gabekoa dugun abuztu honetan munduari bira emateko beste modu bat eman digu musikak, eta batetik bestera bizkor mugitzeko motxila arina bizkarrean hartuta, hara eta hona ibiliko gara, Hernanin hasi eta Barkoxen bukatu. Saioa (eta bira) Maite Larburu arrabita jolearen “Hezurren azpian” (Gaztelupeko Hotsak, 2019) entzunez abiatu dugu, eta etxerako itzuleran, Bidehuts zigiluaren kutizia batekin itxi, “Barkoxeko gatu jaleen kantoria”, Amaren Alabak eta Jupiter Jon taldeek elkarrekin emana. Euskal Herritik landa AKA Trio entzun dugu Italian, hiru kontinenteko musikari banak osatutako egitasmoa: Antonio Forcione gitarra jole italiarrak gidatzen du Seckou Keita senegaldar kora joleak eta Adriano Adewale brasildar perkusio joleak osatzen duen Taldea. Afrika beltzean, Bassekou Kouyate ngoni jolea ezagutu dugu Malin, eta Kel Assouf tuaregaren “Black Tenere” lana basamortuan. Atlantikoaren beste aldean, Leyla McCalla genuen zain New York hirian, jatorria eta sonoritatea haitiarra badu ere. Eta hegoaldera joz, joropo doinuak Orinoco inguruko Cimarron talde kolonbiarrarekin. Martxa bizian, Pazifikoa gurutzatu eta bitxikeria batekin egin dugu topo, boogaloo doinuak jorratzen dituen Minyo Crusaders japoniar taldea ezagutu baitugu. Etxerako bidean, anatoliar psikodelia jorratzen duen Altin Gun turkiar Taldea entzun dugu, baita Oratnitza bulgariar taldea ere.
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Google Podcast Ivoox
Oporretako bidaiez [UrpekoBonbarda#034]