Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hogeita hirugarren saio honetan, bidaia soniko bat egin dugu Txile, Argentina, Mexiko eta Kolonbian zehar.

Hogeita hirugarren saioan, etxetik atera eta Ertamerika zein Hego Amerikara egin dugu, beste soinu bidaia zirraragarri bat egiteko asmoz. Mexikon, Kolonbian, Argentinan eta Txilen izan gara, eta herrialde bakoitzetik bizpahiru lagin ekarri ditugu, iaz plazaratutako diskoak aintzat hartuta… eta kunbiarekin hasita. Behetik gora, Argentinatik hasiko gara, bertako bi kantu baino ez baititugu hautatu, bogan diren trap doinuak biak, bizkor esanda. Louta kantariaren “2030” diskotik hautatutako kantua bata, eta nazioarteko arrakasta erdietsi duen “Delito” bestea, irailaren 24an Iruñean jotzekoa den Nathy Peluso buenosairestarrarena. Txiletik eta Mexikotik hiruna kantu hautatu ditugu. Txiletik Rubio, Francisca Strauberen egitasmoa, iaz “Mango Negro” plazaratu zuena, Gepe kantautorearen “Timidez” kantua, Natalia Lafourcade mexikarrarekin eta molde klasiko samarrean emana, eta dezente dantzagarriagoa den Bronko Yotte-ren “Matanga”, Felipe Berriosen egitasmoa. Mexikotik oso molde ezberdineko taldeak dira ezagutu ditugunak, saio honetako artista gehienak ezezagunak baikenituen. Batetik, anai-arrebek osatutako Sotomayor bikote berritzaile eta dantza zalea, bestetik marinba musika tresna ardatz eta punrocker bihotza duen arren kunbia jorratzen duen Son Rompe Pera taldea, eta bukatzeko Los Cogelones, nahuatl hizkuntzan eta ezohiko moldean rock doinuak jorratzen dituena. Bukaerarako utzi dugu herrialderik oparoa, Kolonbiatik lau artista hautatu ditugu eta. Elektronikarekin kunbia egiten duen Meridian Brothers, Kanadan bizi den Lido Pimienta goraipatuaren “Miss Colombia” diskoa, Medellingo Margarita Siempre Viva boskotearen “Letanías del jardín”, eta ahizpa bikiz osatutako Las Añez, molde klasikoagoan eta ahots joko bikainez. RockDeLux aldizkari digitalak lagundu digu bidaia honen erritmoak osatzen.

[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast     Ivoox

Ameriketan ere [Urpeko Bonbarda #023]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude