Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Laurogeita hemeretzigarren saioan Wilko Johnson imitaezina omendu dugu, gitarra jolea zendu berritan.

Dr. Feelgood britainiar talde bikaineko kide izana da Wilko Johnson, eta Game of Thrones telesail famatuan borrero mutuaren papera jokatu zuen, ezin aproposagoa gitarra jotzeko hain era berezia zuen “aizkolariarentzat”, bortitza eta zorrotza. Euskal Herrian makina bat aldiz jo zuen gizonak hilezkorra zirudien gainera, orain urte gutxi minbizi gaizto bat gainditu zuen-eta. 2022ko azaroaren 23an zendu da Wilko Johnson, 75 urte zituela, eta gizonak merezitako monografikoa izan du Urpeko Bonbardan. Rock progresiboa eta glam rocka nagusi zen garaian, rhythm and blues bizkorra jotzen zuen Dr. Feelgood, punkaren aurrekari izandakoekin abiatu dugu saioa, 1975eko “Down by the Jetty” debut laneko “She does It Right” ez ezik, “Paradise” eta “Milk and Alcohol”, taldearen azken arrakasta, 1978koa. Eta bukatu ere Dr. Feelgoodekin itxi dugu saioa, “Back in the Night” kantutzarra entzunda, Wilko Johnsonek berak ondua. Wilko Johnsonek 1977an utzi zuen Dr. Feelgood -bota egin zutela esan zuen berak-, eta bakarkako bide oparoa ibiltzen hasi baino lehen egitasmo pare batean hartu zuen parte. Horiek entzun aurretik ordea, The Shadows eta Johnny Kids & the Pirates taldeen kantu bana entzun ditugu, horiek izan baitzituen eredu Wilko Johnsonek. Dr. Feelgood utzi eta bakarkako ibilbidea abiatu arteko urteetan, Wilko Johnsonek Solid Senders izeneko talde bat eratu zuen, eta Ian Dury & the Blockheads taldearekin 1980ko “Laughter” diskoan parte hartu zuen, Ian Duryrekin batera diskoa irekitzen duen kantua onduz, “Superman´s Big Sister”, diskoko entzunena. Orduan ezagutu zuen, The Blockheadseko partaide zela, Norman Joseph Watt-Roy baxu jolea, gerora bakarkako ibilbidean lagun izango zuena. Gainontzean bakarkako lanekin osatu dugu Urpeko Bonbarda, 1988ko “I Keep It To Myself” kantuarekin hasi eta “That´s The Way I Love You” kantuarekin bukatu, azken hau 2018ko “Blow Your Mind”, BBK Legends festibalean ere zuzenean aurkeztu zuena, Sondikan (Bizkaia). Tartean, jakina, entzun dugu The Who taldeko frontman Roger Daltrey jaunarekin batera 2014an -minbizia zuela jakin berritan- ondu zuen “Going Back Home” laneko lagin bat ere. Gainera, The Wave Pictures taldeak Ep bat plazaratu zuen Wilko Johnsonen lau kanturen bertsioekin eta berarentzat propio sorturiko “Canvey Island Baby” kantuarekin; azken hau entzun dugu -Wilko Johnsonen sorlekua da Canvey Island, Ingalaterran-.

[Urpeko Bonbarda #99] Borreroa hil da
[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify      Apple Podcast      Google Podcast

Borreroa hil da [UrpekoBonbarda#099]


UrpekoBonbarda

Zuzeu Podcasten musika saioa da Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao musika zaleak gidatua. Hemendik aurrera astero atal berri bat argitaratuko du Urpeko Bonbardak -ordubete eskasekoa, zero atala dezente luzeagoa den arren-; formatu ezberdinetan. Izango dira euskal musikariei egindako elkarrizketak, baita garai, artista, zigilu edo mugimendu ezberdinei eskainitako monografikoak ere. Eta tarteka, bidai soniko kontzeptualak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude